Gabon solidario eta arduratsuak denontzat

Gabon solidario eta arduratsuak denontzat

Gabonak datoz eta gehienok opariak egingo ditugu. Kontsumismo basatiari bideraturiko datak izan ohi dira eta Haritzalde Naturzaleen Elkartetik kontsumo arduratsua aldarrikatu nahi dugu. Unea da ere elkartasuna adierazteko eta giza mailako proiektuekin bat egiteko. Datozen egunotan gogoratu hainbat eta hainbat gobernuz kanpoko erakunderekin, zeinak garai gogor hauetan behar dutenen alde dena ematen ari baitira. Kolaboratu gizarte mugimenduekin eta dirua eman, haien produktuak erosi edota zure denbora eskaini, askotan baliotsuagoa baita.

Umeen heziketan beste urrats bat emateko aukera ere ematen digu Eguberri-denborak. Jostailuak trukatu, neurrian erosi eta saihestu jostailu belikoak. Lehentasuna eman kultura eta baloreei, joko kooperatiboak hautatu, taldean aritzekoak eta elkartasuna bultzatzen  dutenak.

EZ EROSI ANIMALIRIK! Ez oparitu maskota bizirik. Animaliak, batez ere basatiak, etxean izatea ez da batere hezgarria. Pentsatu, animali bakoitzak bere bizilekuan egon behar du. Animalien salerosketa ilegalak dirutza mugitzen du eta sekulako gizarte eta ekologia arazoak sortzen ditu. Legalak askotan ere bai. Gerora, oparituriko maskota asko eta asko naturan bukatzen dute, ekosistemetan kalte larriak sortuz eta hemengo espezieak arriskuan jarriz. Dagoeneko arrain gorri, Floridako apoarmatuekin (dortokekin) eta mapatxeekin esaterako arazo oso serioak daude Europan. Inoiz ez askatu naturan. Zaindu zure lagunak. Eta kontuan hartu, izaki bizidunak, animaliak batez ere, ez dira jostailuak. Pentsatzen baduzu txakurra, katua edo dena delakoa eduki dezakezula bere bizitza osoan, zaintza egokia emanez, orduan adoptatu bat, sekula ez erosi.

Bestela ere, edozein produktua erostera zoazela, beharrezkoa duzun galdetu behar diozu zeure buruari, eta hala bada, aukeratu gertukoa, pentsatu nola sortu den eta zer baliabide erabili diren, giza-eskubideak ere kontuan hartu eta ingurumena ez ahaztu. Gailu guztiek sorreran arazo iturri dira (osagaiak, behar den energia, kutsatzen dena, gizarte mailako arazoak…), bizi zikloan energia kontsumituz eta “hildakoan” hondakin kutsakorrak sortuz. Beraz ezinbestekoak baino ez erosi, ez abusatu teknologiaz.

Energia eta ur-kontsumoari so egiezu eta zaindu, ez xahutu alferrik. Gogoratu: zaborra gutxitzeko lehen urratsa kontsumo arduratsuan datza. Gutxiago kontsumitu, gauzak berrerabili eta trukatu, eta beti-beti gaika birziklatu.

Datozen egunetan mendira atera, naturaz gozatu errespetutik, dugun ondare naturala opari mundiala dugu eta, bizitzeko, disfrutatzeko… baina baita zaintzeko ere. Egun zoriontsuak opa dizkizuegu, jai naturalak bizi eta naturarekin bat egin, jokatu arduratsu.

Osasuna!!

Eta Gabon solidario onak igaro!!

About the Author:

Leave A Comment

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.