IAK-CAMAk onartu egin du AHTko mozioa.
Antondegin, lan eremuko zuhaitzak, batzuk ehun urtetik gorako haritzak moztu
zituztenetik, asteak daramatzate lur mugimenduak egiten. Abiadura Handiko Trenako obra
eroa hementxe daukagu. Eta zertarako? Herritarron beharrak eta lehentasunak beste batzuk dira. Ez al dira izango enpresa eta alderdi politiko batzuen beharrak? Haritzalde Naturzaleen Elkartean lanak bertan behera uzteko eskatu nahi dugu eta Donostiako Udal Ingurumen Aholku Kontseiluari (IAK) honen inguruan iritzia emateko eskatu diogu. Hauxe da IAKri onartzeko proposatu diogun Testua eta bihar, abenduaren 18an, aztertu eta bozkatuko dena:
Abiadura Handiko Trena obra handia eta garestia da, urte askotarako gastua suposatzen duelarik. Dauden ikerketen arabera, populazioaren portzentai oso oso txikiak erabiliko luke, gehiengoaren ibilbideak oso motzak baitira eta egunerokotasunean ohiko nahiz gertuko gainontzeko garraiobideak erabiltzen dituelako. Gainera krisi larrian gauden honetan, eta benetako beharrak beste atal batzuetan direnean, osasuna, hezkuntza, gizartekintza edo betiko garraio publikoaren hobekuntzan esaterako, beharrezkoa ez den eta luxua suposatzen duen obra batean hainbeste diru gastatzea tokiz kanpo dagoela iruditzen zaigu. Hortaz, Donostiako Ingurumen Aholku Kontseiluak Eusko Jaurlaritzari AHTko obrak bertan behera uzteko publikoki eskatzen dio, eta Donostiako Udalari ofizialki horixe bera egitea eskatzen dio.
Informazio gehiago: IAK-CAMAko bilera deialdi ofiziala eta AHTren inguruan Haritzaldetik dioguna.
Leave A Comment