GURE ESKAERA HAUXE: Teniseko itsasaldien eraginpeko eremua babestea eta harriak ezartzeko proiektua baztertzea.
Haritzalde Naturzaleen Elkarteak Tenis eta Uhartearen artean iragarri den harrietaren aurka agertu nahi du, ekosisteman kalteak ekarriko dituela pentsatzen dugulako. Bide batez, itsas-eremu hori legalki babes dadila nahi du, kostaldea kontserbatu ahal izateko.
- ESKAERAREN JATORRIA
Ingurumen Ministerioak Tenis eta Santa Klara uhartearen arteko korridorean harrieta eraikitzeko asmoa duela komunikabideetan azaldu da. Ondarretak hondarrik gal ez dezan lortu nahi omen dute neurri horrekin, egun, hondartzaren mendebaldetik hondarra itsasoratzen baita.
Gaia ez da berria, eta 2013an ere salatu genuen.
- KEZKATZEN GAITUENA
Hasteko, proposatzen duten neurriak helburua lortzeko –hondarrik ez galdu- balioko duen zalantza dugu.
Jarraitzeko, kostaldea eta itsasaldien eragineko eremua geroz eta artifizialagoa da, eta harrietarekin guztiz artifizializatuko da, bertako bizidunen eta paisaiaren kaltean.
Gainera, Tenisean botatzea aurreikusitako harriek ekosistema aldatu egingo dute, eta ondorioak kaltegarriak izan daitezke.
Bukatzeko, hondartzan egin izan diren hondar-mugimenduek ez dute balio izan harriak eta eraikuntza zaharren aztarnak estaltzeko, eta, aitzitik, erasotu egin dute Teniseko itsasaldien arteko zabalgunea.
Izan ere, naturaren ikuspegitik Ondarretako hondartzak ez du balio handirik, duen giza-presioa eta artifizializazio-maila handiak direlako. Baina Teniseko mareartean, sakonera gutxiko eremuan, espezie ugari babesten da.
- HARITZALDEREN APUSTUA
Geratzen zaigun ondare naturala ezinbestean kontserbatu beharko genukeela uste dugu; bereziki, hain eskura duguna. Balioan jarri beharko litzateke hiriburu batean horrelako uharte naturala mantentzea. Bizkarrik eman gabe, erakutsi eta haren balioak irakatsi, sentsibilizazioa sustatuz, Haritzaldek egin ohi duen bezala.
- INFORMAZIO GEHIGARRIA
Urteak daramatza Haritzaldek itsas-eremua babesteko eskatzen.
2004an Haritzaldek Donostiako Biodibertsitatearen aurretiko Analisian parte hartu zuen itsasaldea aztertuz. Bertan gure kosta eta gertuko urak babesteko beharra azaldu genuen, 2005ean hura formalki eskatuz, eta gainera Tenis eta Uhartearen arteko eremuaren babes-beharra azpimarratuz. 2007an bat egin genuen Jaizkibel inguruko itsas eremua babesteko beste elkarte batzuek bultzaturiko ekimenarekin. Orduan Donostiako kostaldea barneratuko zuen babes-eremua aldarrikatu genuen, eta duela ez hainbeste “Ondarroa 12 mila” manifestua sinatu genuen, Euskal kostaldeko itsasoa babestea eskatzen duena alegia. Gaur, Euskal Herriko gertuko itsas eremua babesteko eskaera berretsi egiten dugu eta askorena den aldarrikapena gogora ekarri nahi dugu, mareartean eta sakonera gutxiko eremuetan indarra jarriz, Donostiako Tenisekoa kasu.
Bestalde, Ondarretako itsasaldi zabalgunea Euskal Herrian egun dauden AZTIko ikertzaile seniorren lizentziatura eta doktoretza tesia egiteko eremua izan dela aipatu nahiko genuke. Horrekin lotuta, 2004ean, Anjel Borjak ere liburua argitaratu zuen. Esan gabe doa ikerketa-eremua izaten jarraitu behar duela eta Haritzalde horrekin bat datorrela.
Ingurumen Ministerioaren Itsasertz-Mugartea delakoa
Gogor kritikatu behar dugu Ministerioaren politika kostaldean maiz harri-kozkorrez betetzera eraman duena. Non daude txosten teknikoak eta ikerketa zientifikoak harrieta horiek gomendatzen dituztenak eta ondorioak aztertzen dituztenak. Askotan, 2014ko enbataren ostean gertatu zen legez, premiazko bidetik sartu izan dizkigute. Zeren oinarrian erabaki zen Kursaaleko espigoian zenbat harri behar ziren, 300, 500, 700 edo 1000? Eta horren zein Pasealeku berrian eratu duten harrieta-mutur berri horren eragina eta ondorioak aztertu zituen ikerketa non dago? Ba al dago? Ezetz esango genuke eta oso larria iruditzen zaigu. Kontxako Badian ere bota zituzten Kaia eta Nautiko aldean, korronte eta ur-fluxuan izango zuten eragina kontuan hartu gabe.
Era berean onartezina iruditzen zaizkigu Ministerioak egin zituen ondar isurketak Gipuzkoako hondartza ezberdinetan, Zurriola kasu. Gainera ondarra babesa beharko lukeen Jaizkibel aurreko itsasazpiko hareatzatik hartu zen, alderdi politiko gehienen oniritziarekin, edo isiltasunarekin behintzat. Horrelako gehiagorik ez dugu nahi eta are gutxiago aurretik inongo ikerketa zientifiko seriorik egon ezean. Kostaldeak, itsasertzak eta lehen milek babesa behar dute. Hortaz, Haritzalde 12 milako babesgunearen alde egingo du beti.
Non kokatzen da AZTI?
Guretzat erreferentziazko erakunde dugu AZTI, baina zoritxarrez gehiegitan isilik edo oso ahopeka edo batere garbi hitz egin gabe ikusi dugu. Kezka handiz irakurri genituen Erakundeko arduradun baten elkarrizketa egunkari batean Teniseko harrietaren inguruan. Ez dakigu zer pentsatu, eta horregatik AZTIren iritzia zein den publikoki argitzea nahi genuke. Horregatik ere, Donostiako Ingurumeneko Kontseilu Sektorialean gaia jorratzen denean bertan egoteko eskatu nahi diegu. Gure itsas bazterrak babesa behar du eta AZTIk badaki. Bada, gehiago busti dadila eta babesgunea bultzatu dezala.
Haritzalde Naturzaleen Elkartea zertan dabil?
1.- Ingurumen sentsibilizazio eta heziketa:
Urtero bisitaldi gidatuak antolatzen ditugu itsasaldien arteko zabalgunera. Herritarrok hurbilen dituzten eremuak aukeratu ohi ditugu gertukoa ezagutzeko aukera izan dezaten eta hura babestu behar dela ohar daitezen. Aurtengoak hauek izan dira:
a) Maiatzean 26an: irteera gidatua Zumaiako itsasaldien arteko gunera eta Algorriko interpretazio zentrora bisitaldi gidatua. Arratsaldean irteera gidatua itsasontzian kostaldea ezagutzeko eta ondoren Zumaiako dunak.
b) Urriaren 5ean: irteera gidatua Santa Klara Uhartera, Teniseko itsasaldien arteko gunea bisitatuz.
2.- Erakundeekiko:
a) Kostako itsas eremua babesteko eskaera berritu.
b) Ondarretako Tenis aldean Kostasek egin nahi duen harrieta proiektua baztertzeko eskatu.
c) Donostiako Ingurumen Kontseilu Sektorialera gaia eraman Teniseko harrietaren inguruko iritzia eman dezan.
Donostian, 2015eko azaroaren 17an
Leave A Comment