Belartzan hainbat tona harri legez kanpo botatzeagatik, 5.000 euroko isuna!
Orain dela zenbait hilabete, Mercadona eta McDonald’s eraikitzeko lanak hasi zen enpresa bat Urbilgo biribilgune ondoko harrobi zaharrean. Geroztik, lanotan irregulartasun ugari salatu dute auzokoek eta ekologistek. Donostiako Hirigintza zinegotzi Enrique Ramosek irregulartasunak ukatu ditu, behin eta berriro ukatu ere, harik eta amore eman eta lanak bertan behera uztea beste erremediorik izan ez duen arte. Hori bai, behin-behinean soilik utzi ditu bertan behera, hamabost bat egunez, “ditxosozko papeleoa behar bezala” egin arte.
Enpresak legez kanpo egin duen jardueretako bat Belartzan hainbat tona harri baimenik gabe botatzea izan da. Belartza harrobitik gertu dagoen paraje natural bikaina da, baina bertan industriagune ba eraiki nahi dute. Gauzak horrela, enpresak harri batekin bi txori bota nahi izan ditu: harrobian aurreikusitako lanak egin, batetik, eta, bestetik, egintza burutuen bidez, Belartza industriagune bihurtzeko lehen pausoa eman.
Bada, berriki izan dugu legez kanpoko jarduera hori zigortzeko Udalak aurreikusten duen isuna: 5.000 euro! Eta enpresa parajea lehengoratzera derrigortzeko ideia, burutik pasa ere, ez zaie pasa, jakina. Enpresako nagusia barrez lehertzen egongo da, noski: “Prezio horren truke, baimenik gabe aritzeko arriskua behar bestetan har dezaket!”.
Barre egitea logikoa da. Pentsa: egunotan erraustegia salatzeko Gipuzkoa Zutik ekimenean parte hartzen ari diren pertsonek 601 eta 30.000 euro bitarteko isuna jasotzeko arriskua dute, zergatik eta, adibidez, beraien burua ez dutelako polizien aurrean identifikatu nahi izan.
Betikoa: Legearen aurrean denok berdinak omen gara, baina batzuk besteak baino berdinago.
Eguzki eta Haritzalde
Leave A Comment