Igande goizean, martxoaren 23an, Loiolako Erribera auzoan zuhaitz landaketa herrikoia burutu dugu. Egulraldiaren beldur ginen, baina hura ere lagundu nahi izan digu eta, azalpenak eman ditugunean euri jasa ederra bota duen arren, landaketa egin dugun bitartean argiune handia zabaldu da, eguzkia ere irten delarik. Dozenaka auzokide etorri zaizkigu Haritzaldekooi laguntzera. Azkenean 100 zuhaitz landatu ditugu: haritzak, zumarrak, astigarrak, urkiak eta haltzak.
Bukatutakoan, Barcelona Hiribideko ALKAIN tabernara hurbildu gara eta familiekin euskara eta natura lantzeko jolas partehartzailea egin dugu. Hura bukatutakoan eta aurreikusita zegoen bezala, debaldeko hamaiketakoa eskaini da indarrak berreskuratzeko. Eguna borobiltzeko gure laguna den Carlos Araneda abeslari Txiletarrak bildutakoen gozamenerako kontzertua eskaini du.
Haritzalde Naturzaleen Elkartetik gure esker onak Donostiako Udaleko Parke eta Lorategi sailakoei zuhaitzak jartzeagatik eta laguntza osoa eskaintzeagatik. Eskerrik asko Loiolako Erribera Auzo Elkarteari lankidetzarengatik eta azkenik, Mila esker Carlos Aranedari eta Alkain tabernakoei.
OHARRA: Jarduera kokatzen da San Telmo Museoan dagoen “Ura, ibaiak eta herriak” erakusketaren harira Urumea inguruan antolatu den herritar agenda barruan. Erakusketa maiatzaren 31ra arte ikusgai egongo da. Sarrera doan.
Zergatik Loiolako Erriberan? Bertan galdu genituelako Donostiako azken padurak eta bertan ibaiari zartako ederra eman geniolako, ertza halamoduko lorategi gisa geratu zelarik. Haritzalde kanalizazio horren aurkako borrokarekin batera sortu zen eta bizilagunekin batera hiriaren zorraren parte bat, txikia bada ere, kitatu nahi izan dugu, paisaia eta ingurua hobetuz, sentsibilizazioa landuz eta auzoa eginez. Ibai ertzetako basotxo bat sortuko da bertan. Urumeari begiratu behar diogu, ibaia zaindu eta gozatu.
Mila esker!
Leave A Comment