Ulian tirorik ez!

Ulian tirorik ez!

 

Mendian arduraz, lasai eta seguru disfrutatzeko eskubidearen alde

Urteetan, ehiza arazo handia izan da Ulian disfrutatzeko. Azken urteotan, berriz, arazo hori desagertuta, herritarrok askoz lasaiago ibil gaitezke parke periurbano horretan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Ulia segurtasun-eremu izendatu eta, horren ondorioz, bertan ehiza egitea debekatu zuenez geroztik, parkean disfrutatzeko baldintzak askoz hobeak dira ehiztari ez garen gainerako erabiltzaileontzat. Eta ez da begi-bistatik galdu behar ehiza egiten ez dugun erabiltzaileok gehien-gehienak garela. Gainera, ehiza bertan behera geratu izanak mendiak dituen natura-balioei ere on egin die, jakina.

Ulia irla natural bat da porlanaren erdian, oso populatuta dagoen eskualde batean. Orain askoz lasaiago disfrutatu dezakegu lehen baino, ehiza-denboraldian tiroak etengabeak zirenean baino, alegia.

Zoritxarrez, hobekuntza hau, nabarmen-nabarmena Uliako erabiltzaile gehien-gehinontzat, bai Oarsoaldeko eta Donostiakoentzat, bai kanpotik gero eta gehiago datozenentzat ere, arriskuan dago.

Ehiza Federazioak Pasiako Udalari Ulian ehiza berriro baimentzeko eskatu dio, Pasaiako barrutian, behintzat.

Deialdi hau egin dugun talde eta elkarteak Uliaren hainbat erabiltzaile tipo ordezkatzen ditugu… inguruko herri eta auzoetako bizilagunak, ekologistak, mendizaleak, naturzaleak, ikas-zentroak, kirolariak… Uliaren ingurunearen defentsak, bere osotasunaren, eta Ulia arduraz, lasai eta seguru disfrutatzeko eskubidea dugun konbentzimenduak batzen gaitu.

Gure ustez, herritarron interes orokorrak talde jakin baten interesen gainetik egon beharko luke, kasu honetan, ehiztarien interesen gainetik. Izan ere, argi eta garbi ikusten dugu ehizak ez duela lekurik Uliako parkean.

Agerraldi honen bidez, Pasaiako Udalari eskatzen diogu interes orrokorra interes partikularren gainetik jartzeko eta, ondorioz, Uliak tirorik gabe jarrai dezala lan egiteko.

Gogoratu nahi dugu azkenaldion Ulia sustatu nahi dela, ez bakarrik oso populatuta dagoen eskualde baten birika gisa, baizik eta baliabide turisko gisa (horra hor Bi Badien arteko Ibilaldia) edota Donejakue Bideko zati gisa (gogoan izan 12.000-15.000 lagun inguruk egiten dutela urtero Iparraldeko Bidea, orain dela gutxi Mundu Ondare izendatutakoa). Gauzak horrela, Ulian ehiza berriro baimentzea zeharo inkoherentea litzateke, mendiaz lasai eta seguru disfrutatzeko aukeren kontra egitea bailitzateke, baita balio naturalen kontra egitea ere.

Espero dugu Pasaiako alkate eta zinegotziek zentzuz jokatuko dutela eta Ulian lasai eta seguru disfrutatzeko eskubidearen kontra egingo ez dutela.

Pasaia 2015-10-29

Sinatzaileok:

Amigos del Camino de Santiago de Gipuzkoa, Club Vasco de Camping, Eguzki, Ekologistak Martxan, Haritzalde, Herri Ametsa Ikastola, Itsas Enara, Seo-Donostia, Trintxer K.A. Ciclismo de Montaña, Ugatza, Uliako Auzo Elkartea, Uliako Lagunak.

Harremanetarako telefonoa: 647698347 (Karlos Murua)

Prentsa oharra.

About the Author:

Leave A Comment

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.