Asteburu zoragarria igaro duguna, Naturaz beterik. Loiolako Erribera auzoak Urumean duela bizkar hezurra aitortu du eta jendeoldea etorri zaigu udazkenari agur esateko. Eguraldiak ere lagundu digu eta atzo bezain eguzkitsu egon ez bada ere, Urumean ibiltzeko primerakoa. Horrela, asteburuan 300 lagun baino gehiagok Urumea gertutik, barrutik, bizitzeko aukera izan dute… Itzela!
Ez genuen ordea hainbesteko arrakasta espero eta, gainera arazo tekniko batzuk tarteko, gainezka ibili gara. Hala ere ahalik eta jende gehienari aukera ematen saiatu gara. 45eko 4 txanda egitea aurreikusi, eta azkenean 7 egin ditugu, etengabe txangoak ateraz, 11:30etatik 16:30ak arte, itsasgora topera aprobetxatuz. Tamalez, jaiara etorritako guztiek itxoiterik ez zuten eta dozenaka lagun txalupan ibili gabe gelditu dira. Benetan sentitzen dugu, baina ez zuen gehiagorako ematen. Ia hurrengoan!
Gaur, goiza trikitilariekin hasi da musika eta alaitasuna auzoko bazter guztietara eramanez. Jarraian ipuin kontalaria Giuseppe Verdi plazan, ehunka lagun txaluparen txandaren zain zeuden bitartean. Istorioak eskulanei bide eman die eta egokituriko 3 mahaien inguruan bildutako dozenaka haur eta gurasoek marrazkiak, karetak eta galtzerdi zaharrekin panpintxoak egiteko aukera izan dute. Eta dena euskal musikaz blai. Txalupan irten direnak ibaiaren inguruko informazioa (Natura, historia, kultura…) jaso dute euskaraz. Izan ere jarduera Haritzalde Naturzaleen Elkarteak antolatu du Loiolako Erriberako Auzo Elkarteko Euskara Taldearekin batera.
Orain NEGUAREN ZAIN!
Mila mila esker lagundu diguzuen guztioi! Gure esker onak Euskara Taldekoei, Auzo Elkarteari, Arrauning-i eta Mundaiz Ikastetxeari, eta “Motoras de la Isla”ko lagunei. Aupa Juliantxo!!
** Jarduerak Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak diruz partzialki lagundu dituzte.
Leave A Comment