Haritzalde Naturzaleen Elkartetik biharko Udalbatzan onartzekoa den Igarako Tenisean egin nahi den kanpinaren aurka gaudela aderazi nahi dugu, erabateko desadostasuna erakutsiz. Jarduera, Igarako bailaran dauden natur balioen kontsebaziorako, eta bere osotasunean hartuta Mendizorrotz mendiarentzat, mehatxu zuzena iruditzen zaigu. Gainera, etorkizunean gerta litezken beste erasoei bide ematen die, Europa mailan babesturik dauden habitat naturalak, haltzadiak kasu, edota mehatxaturiko flora eta fauna espezieak, ipurtatsa eta hegoaldeko zuhaitz-igela esaterako, arriskuan jarriz.
Haritzalden urteak daramatzagu Mendizorrotz babesteko eskatuz, bereziki erreka eta errekasto sarea. Hasieran Biotopo babestuaren irudi legala aldarrikatu bagenuen ere, gerora behin eta berriz Mendizorrotzen GKL (Garrantzi Komunitarioko Lekua) bat sortzeko eskatu dugu. Are gehiago, I Nazioarteko Anfibioen Kontserbaziorako Jardunaldietan bildu ziren adituen ondorioak eskumenak dituzten Erakunde Publikoei luzatu genizkien, puntu haiek geureak eginez. Eta horietan, hegoaldeko zuhaitz-igela edo Igeldoko igeltxoaren (Hyla meridionalis) habitataren kontserbazioa eta babesa bermatu ahal izateko, GKL bat sortzea ezinbesteko jotzen zen. Orain arte, ordea, ez da inongo erantzun formalik jaso.
Igarako Tenisa eraiki zenean eta aurretik lurraren kalifikazioa aldatu zenean ere gure erabateko desadostasuna agertu genuen. Ordungo lanetan ondoko errekaren aurkako erasoa gertatu zen, haltzadia kalteturik suertatuz. Gerora, martxan zegoela, noiz edo noiz arazoak izan ziren ur beltzekin, hobi septikoa gainezka egin baitzuen, Igeldoko kanpinekoa urteetan egin duen legez. Azken horretan udaberrian nahiz udan, jendez gainezka zegoenean sistemak ez baitzuen ematen, beheko erreka kutsatuz. Eta ondorioz, ur-ibilgu horretatik hornitzen den Etxebesteko putzua, zeina igeltxoa ugaltzeko eraiki den putzu sarearen parte den, guztiz eutrofizaturik dago. Bestalde, Igarako Teniseko igerilekua igeltxoarentzat putzu-tranpa bilakatu zen, arriskutsua oso.
Kanpinaren sorrerak edo hobe esanda Teniseko birmoldaketak berak ez du inpaktu handirik sortuko, horiek aurretik eginak baitziren. Baina behin irekita emendatzen joango dira erabiltzaile-kopurua gora egiten duen neurrian. Izan ere, jendea eta autoen joan-etorri hutsak ingurunea eraldatzeko eta kutsatzeko arriskua ekarriko baitu. Ez dugu ahaztu behar faunak dituen mehatxuan artean errepideetan ematen diren harrapaketa eta zapalketak daudela, igeltxoarekin baieztatu dugun moduan. Horren harira, Haritzaldek behin baino gehiagotan Igarako bidean harrapaketen aurkako neurriak ezartzea eskatu du, hala nola “arrisku” zein abiadura moteltzeko seinaleak eta lurreko zeharkako balazta-bandak. Orain arte ez dugu erantzunik jaso.
Baina okerrena ez da pertsonen eta ibilgailuen mugimendutik etorriko dena, ezta gerta litezken istripuak eta nahigabeko kutsadurak eta isurketak ere, baizik eta etorkizunean zonaldean garatu litezken azpiegitura eta proiektuak. Kanpinak proeiktu berriei ateak ireki dakieke, ziniko bezain lotsagarri gertatu zitzaigun “ekohiria” bezalako proiektu txoroei bide emanez.
Horregatik guztiagatik, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak Plan Bereziaren onarpenaren aurka agertu nahi du, Igarako Tenisean kanpin bat jartzearen kontra dagoela berretsiz. Lurraren kalifikazioa garai batean zuenera berriro aldatzea eskatzen dugu, landa eremua baita. Eta behingoz, hegoaldeko zuhaitz-igelaren habitata bere osotasunean babestea nahi dugu. Horretarako Mendizorrotz, Igarako bailara guztia barne, lehenbailehen GKL izendatzea aldarrikatzen dugu.
Donostian, 2012ko abenduaren 19an.
Leave A Comment