Datorren martxoaren 18an, urtero data hauetan egiten dugun bezala, Donostiako Ametzagainako parkean (Lau Haizeta), zuhaitz landaketa egingo dugu. Izan ere, martxoaren 21ean, udaberriaren etorrerarekin bat, mundu mailan Basoen Eguna ospatzen da eta Haritzaldetik aurreratu nahi izan dugu festa. Honekin Haritzaldek daramatza 21 urte zuhaitz eguna antolatzen, 21 urte zuhaitzak landatzen eta zuhaitzen zein basoen garrantzia aldarrikatzen eta defendatzen.
Ekintza Donostiako gizarte osoari zabaldu nahi diogu, beraz irekia izango da eta nahi duenak parte har dezake. Hori bai, mendiko zapatilak edo botak eramatea gomendatzen dugu.
2 hitzordu jarri ditugu:
- 09:30etan, Loiolako Kulturetxean
- 10:00etan, Ubako aterpetxean
Ondoren hamaiketako txiki bat izango dugu. Dena 13:00etarako amaituta egongo da.
Landaketa egin baino lehen, partehartzaileek azalpenak entzungo dituzte. Horietan basoez eta zuhaitzez hitzegingo da sarrera orokor batean, gero landaketa nola burutu behar dugun azalduz. Jarraian landaketari ekingo dio.
Landatuko ditugun zuhaitzak, denak, bertakoak eta bertako hazitik etorriak izango dira:
- 30 haritz (Quercus robur) 100 cmkoak
- 30 urki (Betula alba) 100 cmkoak
- 50 lizar (Fraxinus excelsior) 250 cmkoak
- 50 astigar txiki (Acer campestre) 100 cmkoak
- 50 Urritz (Corylus avellana) 100 cmkoak
- 7 gereziondo (Prunus avium) 150 cmkoak
ETORRI eta jar ezazu zuhaitz bat zure bizitzan!
Leave A Comment