Hegoaldeko zuhaitz-igeltxoaren Kudeaketa Plana, lardaskeria galanta. Apo lasterkariarekin berdin?

Hegoaldeko zuhaitz-igeltxoaren Kudeaketa Plana, lardaskeria galanta. Apo lasterkariarekin berdin?

Ezagutu Haritzaldek aurkezturiko komunikazioan zer kontatu genuen Bilbon burutu zen IV. Biodibertsitateko Kongresuan. Hitzaldiak zeraman izenburua: “Planes de gestión de fauna amenazada: ¿herramientas de rescate de la biodiversidad vasca?” (PDF).

Hegoaldeko zuhaitz-igeltxoaren Kudeaketa Plana, lardaskeria galanta. Apo lasterkariarekin berdin?

Komunikazioaren aurkezpena (Powerpoint).
Bideoa testuaren behekaldean.

Kudeaketa-planak lege betebeharrak dira.  Euskal Herrian 42 ornodun espezie dauzkagu “Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan” Kaltebera edota Galtzeko Zorian mailatan eta hala ere, hauetatik soilik 13k daukate kudeaketa-plana onartuta. Baina, kopuruaz gain, kudeaketa-plan hauen kalitatea jakitea ere ezinbestekoa da. Hori dela eta, kontrako emaitzak dituzten bi kudeaketa-planen konparaketa egin dugu: apo lasterkariarena Erresuma Batuan eta hegoaldeko zuhaitz-igelarena Gipuzkoan.

Erresuma Batuko apo lasterkariaren kudeaketa-plana egin baino lehen espeziearen ekologiari buruzko azterketa sakonak egin ziren. Horietan guztietan oinarrituta habitataren gaineko ekintzak izan ziren harturiko lehenengo neurriak. Apoa lurraldearen leku askotatik desagertua zen eta leku horietan habitataren berreskurapena egin zuten, batez ere duna eta landa eremuetan. Ugaltze puntu desberdinak ere eratu zituzten. Behin ingurunea egokia zela indibiduoen translokazioekin hasi ziren. Ekintza hauek egin eta 12 urte geroago emaitzak nahiko ondo ikusten ziren: populazioak gora egin zuen eta eraturiko 26 putzuetatik 19 kolonizatuak izan dira.

Hegoaldeko zuhaitz-igelaren kasua guztiz bestelakoa izan da. Kudeaketa-plan hori 1999. urtean ipini zen martxan. Garai horretan populazioa leku bakarrean ugaltzen zen eta urtegi hori arriskuan zegoen industrialde bat eraikitzeko asmoa zeukatelako. Eta zoritxarrez, horrela gertatu zen!. Kudeaketa-planaren onarpenaren aitzakiarekin urtegia suntsitu zuten eta ordainezko neurri moduan askoz txikiagoa den hormigoizko urmaela eraiki zuten. Helburua hurrengoa zen: bertara ugaltzera doazen animalia guztiak harrapatu eta eraikitako gainerako putzuetara (16) eramatea. Nahiz eta kudeatzaileen helburua animalia leku korapilatsuetatik kentzea zen, alderantziz atera zitzaien jokaldia eta urmaelak populazioaren gehiengoa mantentzen du oraindik ere. Gainera, egindako putzu gehienak ez dira aproposak espeziearentzat edota ez  dira ongi kudeatu. Horren ondorioz, bertara lekuz aldaturiko indibiduoak hiltzen joan ziren urteak pasa ahala. Badirudi, kasu honetan, politika kontserbazioa baino garrantzitsuagoa dela eta, beraz, jendearen aurrean ondo geratzearren “garrantzitsuagoa da animaliak noiz hiltzen diren, hiltzen diren ala ez baino”.

Hamalau urte pasa dira igeltxoaren kudeaketa-plana onartu zenetik eta orain haren emaitzak ikusten ari gara. Eraturiko 17 putzuetatik soilik 4k mantentzen dute populazio egonkorra. Eta lehorreko habitata, nagusia, inolako babesik eta neurririk gabe.

Beraz, benetan al dira kudeaketa-planak biodibertsitatearen salbatze tresnak? Gure ustez, askotan  propaganda hutsean bukatzen duten zentzuzko emaitzarik gabeko ahalegin ekonomikoak besterik ez dira. Hegoaldeko zuhaitz-igelari gertaturikoa, apo lasterkariari gertatuko al zaio? Ba momentuz bide beretik doa Gipuzkoako Foru Aldundia… Kontuz gero!

 

About the Author:

Leave A Comment

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.