Joan den asteburuan Jaizkibelgo iparraldeko 50 ha erre ziren itxura guztiz nahita eragindako sute berri batean. Aski da! Ez da posible Natura 2000 Sarean babesturik dagoen balio handiko eremua horretan behin eta berriz suteak gertatzea. Gipuzkoako Foru Aldundiak ikerketa serio eta sakona burutu behar du. Ingurumen Fiskaltzak eskua hartu behar du eta bere kabuz, edota Aldundiak bultzaturik, ikerketari ekin behar dio. Ertzaintza ezin da beste alde batera begira geratu, neurriak hartu ditzala ingurumenaren aurkako terrorismo mota hau ezabatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diogu erretako eremua berreskuratzeko lanei lehentasuna ematea eta zonaldea haziendei ixtea landarediaren garapena errazteko xedez. Kalteturiko lurrak Pasaiakoak izanik, Udalari eskatzen diogu gure eskaria bere egin dezala eta Aldundiari helarazi diezaiola. Suteak militarren eremua ikutu zuen, nahiz eta soldadurik ez zen izan itzalketa lanetan. Hortaz, Estatuko Gobernuari entrenamendu eta tiro-zelaia erabiltzeari uko egitea eskatzen diogu, utz dezala kudeaketa behingoz Aldundiaren esku. Dena den, hori gertatu bitartean, espero dugu hemendik aurrera, bertan entrenatzeaz gain, militarrak ere inplikatzea balio altuko ondare naturalaren kontserbazioan eta beste suterik balitz, itzaltzen laguntzera berehala etortzea.
Hortaz, eskatzen diogu:
- Gipuzkoako Foru Aldundiari, ikerketa serio eta sakona burutu dezala eta Fiskaltzarengana jo dezala.
- Ingurumen Fiskaltzari, eskua hartu dezala eta ofizioz ireki dezala ikerketa.
- Ertzaintzari, ikerketa Aldundia eta Fiskaltzarekin burutu dezala eta sute-arrisku egunetan ohiko tokietan zaintza areagotu dezala.
- Gipuzkoako Foru Aldundiari, erretako eremua berreskuratzeko lanei lehentasuna ematea eta zonaldea haziendei ixtea landarediaren garapena errazteko.
- Pasaiako Udalari, gure eskaria bere egin dezala eta Aldundiari helarazi diezaiola.
- Estatuko Gobernuari entrenamendu eremua kontserbatzen lagundu dezala eta, egungo erabilera alde batera utzita, zonaldearen kudeaketa Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku utzi dezala.
- Espainiako Ejerzitoari, ondare naturalaren kontserbazioan ere inplikatzea eta, eremua erabiltzen duten bitartean behintzat, beste suterik balitz, itzaltzen laguntzea.
Informazioa PDF artxiboan.
Leave A Comment